XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AMOU (Zutik jarriaz)

Eta nola ez sinetsi!

Jaungoikorik bada deabrua ere bada.

Ebangelioan irakurri daiteke.

URTUBI (Ironiaz)

Ebangelioa... Ebangelioa.

Gauza horietan zu zara jakitun.

Neri beste gauza batzuk ardura zaizkit.

Adibidez, herrietan erreboltarik ez dedin obratu.

Zuk diozun Errege haundi honek, zama aztunak ezarri ditu herriaren gain eta beldur naiz Lapurdiko soldadu guztiak gauza izanen ote diren, Terranobatik gizonezkoak itzultzean, Lapurdiko herria bakean mantentzeko (...).

AMOU

Zerga horiek beharrezkoak ditu gure Erregeak.

Hainbeste gerlaren lepotik arruinaturik gertatzen da Frantzia.

Barkatu, Urtubiko jauna, baina nik ez dut zalantzan jartzen gure Erregearen zilegitasuna.

URTUBI (Zutikatuaz eta Amou besotik hartuaz)

Nik ere ez, Amou!

Jainkoak gorde!

Esan nahi dudana zera da, Paris urruti aurkitzen dela eta guk, hemengo nobleak, ez dugula behar hainbat indar bakea gure kabuz mantentzeko.

Gure ezpatari guztiak gutti dira herrierta bat edo matxinada bat gertatzen bada.

AMOU

Baina hemengo gaitzak sorginkeriatik datoztenak dira eta guzti hori ez daiteke ezpataz borrokatu, beste arma batzuk behar dira horretarako.